2.2.1.Egoeraren balorazio orokorra: kezka, gizarte zerbitzuak eskuratzean lurralde-desberdintasunek jarraitzen dutelako
Elkarrizketatutako pertsonei udaleko gizarte zerbitzuen egoeraren inguruan duten balorazio orokorra zein den eta, zehazkiago, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak (aurrerantzean Gizarte Zerbitzuei buruzko Legea) EAEko udalei lehen mailako arreta-zerbitzuak emateari dagokienez esleitzen dizkien egitekoak udal horiek gain hartzean eta sistema eskuratzeko sarbidea gisa konfiguratzean aurrera zer neurritan egin den uste duten mahaigaineratuz abiarazi ziren elkarrizketa eta eztabaida-talde gehienak.
Garapen eskasaren atzean dauden arrazoiak identifikatzeaz baino harago, iritziak funtsean bitan banatu dira: alde batetik, egoeraren balorazio anbibalentea edo zehatza mahaigaineratu dutenak -pertsona horien iritziz, zailtasunak egon arren, aurrerapauso esanguratsuak eman dira, partzialak edo osatu gabeak badira ere; eta, bestetik, argi eta garbi balorazio negatiboagoa mahaigaineratzen dutenak eta Gizarte Zerbitzuei buruzko Legea onartu zenetik igarotako urteak galdutako aukeratzat jotzen dutenak. Ildo horretan, kontsultatutako pertsona batzuen ustez, Gizarte Zerbitzuen Maparen eta Zorroari buruzko Dekretuaren erakunde-negoziazioaren aldi luzeak espektatibak txikitzea eragin zuen eta testuinguru horretan egin zitzaion harrera Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeari. Halaber, arauzko garapenik ezak erakundeen eta lantaldeen barruan ziurgabetasuna eragin du, batzuetan erabaki garrantzitsuak hartzea geldituz eta lehen arretaren mailan ebazteke dauden arazoei aurre egiteko estrategien garapena mugatuz.
Balorazio anbibalenteen artean, baita positiboen artean ere, honako argudioak mahaigaineratu dira:
“Legeak udalei esleitzen dien egitekoa udalek partzialki baino ez dute garatu”.
“Erantzunak ematen ari gara baina neurri handi batean kasuan kasuko pertsonen kolektiboaren araberakoa da”.
“Udalerri txiki eta ertainetan behintzat, legearen bidez lanbide ikuspegi berri bati garrantzia eman zaio; ikuspegi hori legean berariaz jasota zegoen”.
“Argi dago udaleko gizarte zerbitzuak funtzionatzen ari direla, Gizarte Zerbitzuen sistema eskuratzeko sarbide gisa”.
“Ahal dena egin dugu eta legeak ezarri zizkigun betebehar guztiak konplitu ditugu baina agian guztiak ez dira jorratu behar adina intentsitate eta bizkortasunarekin”.
“Nire lurraldean egoera partzialki hobetu da, batez ere, diru-sarrerak bermatzeko errenta Lanbidera transferitzeagatik. Egoera horrek aukera eman du zenbait udaletan, bereziki handietan, ‘arreta-eredua’ dei dezakegun horretan aurrera egiteko, etxez etxeko bisitaren zereginak, tokiko mailako beste sistema batzuekiko koordinazioa, elkarteekiko lana, etab. bideratzeko denbora libratu baita. Hala ere, udaleko eskumen ’berriak’ diren zerbitzuen eskaintzan ez da aurrera egin, ezta etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren ardura guztia gain hartzean ere”.
Edozelan ere, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen garapena eskastzat jotzen duten balorazioak ohikoak dira agian, udalei dagokienez behintzat:
“Urte hauek guztiak alferrik galdu ditugu zorroari buruz hitz egiten eta ez dugu banakako esku-hartzearen eta erkidegoaren oinarrizko eredu bati buruz hitz egin eta eraikitzeko aprobetxatu. Hori zen legearen ekarpenik onena. Aldi zoragarri bat galdu dugu; eztabaidak maila politikoa izan du hizpide, profesionalek ez dugu eztabaida horietan parte hartu eta ez gara esku hartzeko ereduaren inguruan eztabaidatzeko gai izan”.
“Azken urte hauetan eten oso nabarmena jazo da. Guztiak Zorroari buruzko Dekretua onartzeko zain egon gara, gure betebeharrak zeintzuk izango ziren oso ongi jakin gabe. Eta ez dakit genituen espektatiba guztiak azkenean beteko diren”.
“Gizarte Zerbitzuei buruzko Legea onartzeak guri ez digu aldaketarik eragin, baliabide gehiago edukitzeari dagokionez, ezta egitura desberdin bat izateari dagokionez ere. Programatxo txikiak baino ez ditugu sortu eta segur aski legearekin edo legerik gabe berdin sortuko ziren”.
“Oinarrizko gizarte zerbitzuek nolabaiteko garapena eduki ahal izan dute baina legean jasota dauden lehen mailako arretarako gainontzeko zerbitzuak ez dira nahikoa garatu. Udalek ez dute horretarako ahalmen ekonomikoa”.
“Orain arte behintzat ez dut antzeman legearen onarpenak udaletan eragin handirik izan duenik”.
“Ez dira sortu legeak mahaigaineratu zuen ikuspegi-aldaketa gauzatzeko beharrezko tresnak, alegia, laguntza-eredu batetik erkidegoaren garapenerako eredu batera igarotzekoak. Ikuspegi-aldaketa oso ondo dago baina aldaketa hori bideratzeko baliabideak egon ba al daude?”.
“Zorroa, mapa eta gainontzekoak abian jartzea horrenbeste kosta denez, ez da antzeman legea 2008an onartu zela. Tamalez 2007-2008. urteko egoera berean jarraitzen dugu. Horri gainera, krisia eta ordutik izan ditugun gizarte premia guztiak gehitu behar zaizkio. Orduan, dagoeneko ondo definitutako mapa bat izan beharrean, bakoitzak zer egin behar dugun, zer intentsitaterekin eta zenbat dirurekin, udaletan gertatu zaiguna izan da dagokiguna baino gehiago egiten ari garela eta, gainera, gain hartu beharko genukeen zama ekonomikoa baino handiagorekin eta giza baliabide berberekin. Hala, 12/2008 Legea oso ondo dago, oso ona zen eta eskubide subjektiboa izan behar dena da baina ez dira lan egiteko eta legeak exijitzen zigun guztia martxan jartzeko tresna guztiak ezarri”.
“Zorroa eta mapa onartzean izandako atzerapenak ganora eta tentsioa galtzea ekarri ditu, baita legearekin konpromisoa hartu zuten profesionalek ilusioa galtzea ere. Horrez gain, zerbitzuak nahikoa garatuta daudela eta beste ezer gehiago behar ez dela uste izatea eragin du”.
Udaleko gizarte zerbitzuen egoera eta, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legea onartu ostean, izandako garapena modu negatiboan baloratzen duten horiek enfasi gehien jarri dioten alderdietako bat lurralde-desberdintasun garrantzitsuek jarraitu egiten dutela da, herritarrek udaleko gizarte zerbitzuak eskuratzeko eskubideari dagokionez. Kasu batzuetan desberdintasun horiek indarrean dagoen EAEko gizarte zerbitzuen erakunde-arkitekturaren ziozkoak direla uste bada ere –aurrerago jorratuko den gaia eta, edozelan ere, legeak zalantzan jarri ez zuena-, beste kasu batzuetan uste da Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak ezarritakoaren garapen azkarrago eta kontsekuenteagoa nahikoa izango zatekeela herritar guztientzat gutxieneko eskubide komun eta homogeneo batzuk bermatzeko, bizilekua edozein dela ere. Nolanahi ere, lurralde-desberdintasunek jarraitzeren ondotik sortzen den kezka bistakoa da.
“Teorian banakako eskubidea sortzen duen baina udalerri desberdinetan pertsona horiei ematen zaizkien zerbitzuen artean oso desberdintasun nabariak mantentzen dituen sistema deitzen den horren egoera ez du memoriak konponduko, ezta zorroak ere. Pertsona askok ezin izango dituzte legeak eta zorroak bermatzen dituzten baliabideak eskuratu udalerri jakin batean bizitzeagatik, udaleko gizarte zerbitzuek ahalmen fisikoa, teknikoa, ekonomikoa eta antolamendukoa behar baitute eta udal askok ez dute txikiak direlako. Honen guztiaren elementurik dramatikoena adibide bat jartzearren hauxe da: Lezoko bizilagun batek ez du Zerbitzuen Zorroko baliabideen %60 eskuratzen; herritar guztiek duten eskubide bat dela kontuan hartuta”.
“Herritarrek ez dute udaleko gizarte zerbitzuek bermatzen dizkieten eskubideen berri, udalerriek zerbitzuak modu diskrezionalean eskaintzen jarraitzen baitute, besteak beste. Horregatik, herrialde honetan lehen mailako, bigarren mailako eta hirugarren mailako herritarrak daude eta hori ezin da justifikatu, ezta arrazoitu ere, bi milioi biztanleko herrialde batean. Horrek beste sistema batzuetan ez luke lekurik izango, ezinezko izango litzateke: demagun ez duzula tratamendu mediko jakin bat jasotzeko eskubiderik udalerri batean edo beste batean bizitzeagatik”.
“Udaleko gizarte zerbitzuen garapena zinegotzi baten irizpide partikularraren araberakoa den eredu batekin jarraitzeak ez du zentzurik”.
2.2.2.Udaleko gizarte zerbitzuak finkatzeko zailtasun nagusiak
Zailtasun nagusia, erakunde-arduradunek bereziki aipatu dutena eta aurretik jada adierazi duguna, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen arauzko garapenik ezari eta udal-eskumeneko zerbitzuen eta prestazioen eduki zehatzaren gaineko ziurgabetasunari lotuta dago. Halaber, azaldu da, legea onartu zenetik igarotako denboran, ez dela aurrera egin zorroko zerbitzu bakoitzerako esku-hartzearen eredu adostu bat sortzen eta, hala, tarte handiegia utzi zaio zerbitzuak ezartzeko teknikari eta politikari arduradunen irizpideari eskainitako zerbitzu bakoitzari ematen zaion orientazioa, ikuspegia eta edukia erabakitze aldera.
“[Zailtasun nagusietako bat] zerbitzu eta prestazio batzuen edukia ez zehaztea, orain udal-eskumenekoa, eta horiek sortu eta mantentzeko baliabide ekonomiko eskasak edukitzea”.
“Arauzko garapenik ezak zerbitzuen garapena oztopatu du, zalantzarik gabe”.
“Zorroa onartzeko jazotako atzerapenak ez du udalerrien inplikazio aktiborako biderik eman, legeak esleitzen dizkien eskumenak garatzean hain zuzen. Udalerri asko azkenean zer argitaratzen den zain egoten dira, zer egin behar duten ikusteko”.
-Objektibotzat jo beharreko- elementu horrekin batera kontsultatutako pertsona batzuek zenbait traba eta zailtasun antzeman dituzte tokiko administrazioen funtzionamenduan. Ildo horretan, azpimarratu da udal guztiek ez dietela eman udaleko gizarte zerbitzuei beharrezko lehentasun politikoa eta kasu batzuetan agerikoa izan dela tokiko lidergorik eza -baita arduradun politikoek gizarte zerbitzuen esparruan udal arduren berri ez izatea ere- udaleko gizarte zerbitzuak garatze aldera. Horrez gain, udaleko ardura lanpostu jakin batzuetan –idazkaritza, esku-hartzea, finantza zuzendaritza, etab.- udaleko gizarte zerbitzuen garapenaren inguruan noizean behin agerian jarritako aurkakotasuna aipatu da, instantzia horien ustez beti ez dira udal ardurakoak.
“Udal guztiek ez dute onartzen Gizarte Zerbitzuen atalen garrantzia eta, horrenbestez, hertsiki bigarren mailako egitekoa gain har dezakete eta hala jarduteak ez die aurrekontu-baliabideetan bakarrik baldintzatzen”.
“Nire udalerrian, aurreko legegintzaldietan behintzat, gizarte zerbitzuak ez dira nahikoa garatu, gai honi ez baitzaio beharrezko lehentasun politikoa eman. Gobernu-taldearen lehentasunak gizarte zerbitzuak ez ziren beste lehentasun oso desberdinak izan dira”.
“Ez da gizarte zerbitzuen esparruan lehen mailako arretaren aldeko apustu politiko irmorik egon, ez udaletan, ezta udaletatik at ere”.
“Alderdi politikoek ez dute gizarte zerbitzuen eredu bat barneratuta eta udaletan atal honetaz arduratzen diren politikariek, oro har, ez dute haien alderdietan zama handirik; politikak egiterakoan eta haien lehentasunak baliatzean oso mugatuta daude”.
“Udalen barruan arerio oso handia daukagu: udal administrazioko arduradun teknikarien ustez –idazkariak, kontu-hartzaileak, finantza-zuzendariak, etab.- gizarte zerbitzuen gaia ez doa haiekin, guztiz ezezaguna da. Ez dute berezko eskumentzat jotzen. Teknikari horiek, politikariak ez bezala, luze egoten dira eta asko agintzen dute eta gizarte zerbitzuak ez dituzte haien berezko zerbait bezala hartzen”.
“Udal askotan ez dira gizarte kontuengatik kezkatzen. Udalen inertzia historikoa gizarte zerbitzuak ez diren beste esparru batzuetan inbertitzea da. Aurrekontuak beste esparruei esleitzen zaizkie. Ez zaio lehentasunik ematen gizarte zerbitzuak edukitzeari, hauteskunde-mailan ez baita errentagarria. Adibidez, dirua azpiegiturak eta ekipamenduak eraikitzera zuzentzen da, gizarte zerbitzuetara baino lehenago”.
“Maila politikoan oso gutxi baloratzen da behar bezalako arreta zer den, alegia, 13.000 pertsona edo familia artatzeko lehen mailako arreta. Hori oso gutxi baloratzen da. Politikariek herritar oso gutxiri eragiten dien programa txikiak, berariazkoak, askoz gehiago baloratzen dituzte eta arreta horietan jartzen dute. Legegintzaldietan nahiago izaten dute argazkian programa horiekin atera. Dena den, ez da lehen mailako arretaren inguruan ematen dugun prestazioa defendatzen. Ildo horretan ez da zerbitzu publikoen defentsarik egiten”.
Halaber, udaleko gizarte zerbitzuetan eskuragarri dauden giza baliabideen eta baliabide pertsonalen kontuak agerian jarri ditu, kontsultatutako pertsonen iritziz, udalek aurre egin eta jorratu behar izan dituzten zailtasunak. Gai hori ondorengo atal batean zehatzago jorratuko bada ere, momentuz nabarmendu behar da kontsultatutako pertsona batzuen ustez zer neurritan den funtsezkoa lehen mailako arretaren gizarte zerbitzuen giza baliabideen kontua, bai kantitatearen ikuspegitik, bai, noizean behin, kualifikazio teknikoaren ikuspegitik, agindutako funtzioei dagokienez.
“[Zailtasun nagusietako bat] giza baliabideei lotutako problematika izan da: urtetan oinarrizko gizarte zerbitzuetako gizarte langintzaren profesionalek burokrazia-lanak egin behar izan dituzte, batez ere, diru-sarrerak bermatzeko prestazioen kudeaketa-lanak. Egun, zentzu horretan lan-zama arindu bada ere, profesional batzuek bakarrik onartu dute aldaketa hori eta esku hartzeko eta haien benetako egitekoa neurri handiagoan burutu ahal izatea positibotzat jo dute. Egitekoa: esku-hartzeko eta gizarte aldaketarako, pertsonei lotutako egitekoa garatzeko agentea eta ez agiriei, espedienteen izapideei lotutako administrazio-egitekoa, beste batzuk lan horiek egiten eroso badaude ere”.
“Oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileen ratioei dagokienez, zenbait udalerritan eskasak izan daitezkeela eta laguntza-langileak behar ditzaketela kontuan hartuta (Eusko Jaurlaritzak aipatu duena errefortzurako langileak kontratatzeko laguntza ekonomikoen bidez), askotan arazoa barne-antolamendu desegokia da: lan-ezegonkortasuna (gehiegizko txandaketa eta bitartekotasuna), erdiko aginterik eza eta kudeaketa-arloko ezagutzak dituzten langilerik eza, lanerako baldintza egokiak edukitzeko baliabide material eskasak, etab.”.
“Zenbait kasutan ez dut uste udalek eskumen teknikorik dutenik, bereziki, gizarteratzearen esparruan, 12/2008 Legearen esparruan esleitu zaizkien funtzioak betetzeko. Ez da aurrekontu-zuzkidurari lotutako kontua bakarrik, esleitutako egitekoak gain hartzeko prestakuntza eta ahalmen teknikokoa ere bada”.
Kontsultatutako pertsonek beste elementu batzuk ere aipatu dituzte udalek gizarte zerbitzuen esparruan dituzten funtzioak garatzeko izan dituzten eta oso alderdi desberdinak jorratzen dituzten zailtasunak azpimarratzean: horien artean udaleko gizarte zerbitzuen finantzaketari lotutako arazoak eta desadostasunak (krisi ekonomikoaren eta aurrekontu-murrizketen testuinguru batean) eta udalen finantza-nahikotasuna bermatzeko zailtasunak azpimarratu behar dira; lehen mailako arretaren gizarte zerbitzuen esku-hartze eta kontzeptualizaziorako eredu komun baten garapen eskasa; edo herritarrek egindako arreta-eskaerak ugaritzea, diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa Lanbidera transferitu bada ere (aurrerago zehaztasun gehiagorekin jorratuko da).
“Egia esan, krisi ekonomikoaren eta aurrekontu-murrizketen unea ez da egokiena izan udaleko gizarte zerbitzuak garatzeko”.
“Legea hankamotz jaio dela esan behar da, ez baitu aurrekontu-zuzkidurarik. Legearen garapena, gainera, gutxietsi egin da egungo krisi ekonomikoagatik. Legeak aurreratzen zituen printzipioen garapen deskafeinatua izan da”.
“Denbora ez dugu aprobetxatu esku hartzeko eredu komun bat definitzeko, ez ditugu oinarrizko elementu komunak argitu eta udal bakoitzak bere eredua definitzen jarraitu du”.
“Legeak bere printzipioetan garatzen dituen alderdiekin zerikusia duen esku-hartzerako eredu bat adostuta egiteko aukera galdu da. Gizarte zerbitzuen zentroek esku hartzeko estilo gisa behintzat”.
“Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak lehen mailako arreta erabakitzailea proposatzen du eta bistakoa da urte hauetan zehar ez dela sortu lehen mailako arreta erabakitzaile hori. Eta horretan eragin duen faktoreetako bat ezagutzaren kudeaketaren, kualifikazio profesionalaren, I+G+B delakoaren lan bat garatu ezin izateari lotuta dago, alegia, lehen mailako arretari metodoak, tresnak, teknologiak edo programak emango zizkiona, lehen mailako arretaren gizarte zerbitzuak jorratu behar ditugun premiak jorratzeko gai izan daitezen lagunduko zutenak”.
Horrez gain, legeak udalei esleitzen dizkien funtzioak eta eskumenak betetzeko udalek izan dituzten traben artean aipatu da udalen barruan zailtasun bat dagoela Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak lehen mailako arretaren esparruan esleitzen dizkien zerbitzuen eta prestazioen jarraitzea batera kontuan hartzeko. Ildo horretan adierazi da udal guztietan propiotzat jotzen dela zorroaren 1.1 fitxan -informazioa, diagnostikoa, balorazioa eta orientazioa- barne hartutako zerbitzuak emateko ardura eta, edozelan ere, oinarrizko gizarte zerbitzuei esleitzen zaizkien gainontzeko zerbitzuak: etxez etxeko laguntza (1.2), esku-hartze sozioedukatiboa eta psikosoziala (1.3) eta zaintzaileei laguntzeko zerbitzua (1.4). Hala ere, beti ez dira betebehar propiotzat jotzen lehen mailako arretaren gainontzeko zerbitzuak –gizarte zerbitzuen esparruan partaidetza eta gizarteratzea sustatzeko zerbitzua (1.5), eguneko arretaren zerbitzuak (1.7), gauean hartzeko zerbitzuak (1.8) eta ostatu-zerbitzuak (1.9). Horrek lehen mailako arreta osoa bizitzaren fase guztietan ere jorra daitekeen arretaren jarraitze integratu gisa ulertzea zailtzen du. Kontu hori garrantzitsua da, aurrerago azalduko den moduan zerbitzu horietako asko abian jartzeko tokiko mailan garatu behar diren azpiegituren inbertsioa kontuan hartzen bada, baita –udal-eskumeneko zerbitzuak direla aintzat hartuta, baina lurralde-esparrukoak askotan udalaz gaindikoak- garatzeko udal arteko akordioak lortzeko beharra ere.
“Baterako ikuspegi txikia dago lehen mailako arretaren gizarte zerbitzuei dagokienez. Udaleko gizarte zerbitzuak oinarrizko lau dira baina baita eguneko arreta-zerbitzua, gaueko harrera-zerbitzua eta ostatu-zerbitzua ere. Beti ez da egon baterako ikuspegi hori, alegia, lehen mailako arretan arreta etengabean nola ematen den, baita bizitza guztian zehar ere. Ezein udalek ez du kontu honen inguruko hausnarketa nahikorik egin”.
2.2.3.Diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa Lanbideri ematearen balantze anbibalentea eta kezka erabiltzaileek jaso dezaketen erantzun desegokiagatik
Gizarte zerbitzuen egoerari buruzko Arartekoaren aparteko azken txostena idatzi zenetik gizarte zerbitzuek eta, bereziki, oinarrizko gizarte zerbitzuek jasan duten aldaketa nagusietako bat diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura transferitu izanari lotuta dago. Horregatik, teknikari eta profesionalei bidalitako galdera-sortan aldaketa horrek udaleko gizarte zerbitzuen gainean izan zuen eraginari buruz zuzenean galdetu zen. Udaleko gizarte zerbitzuen egoera orokorra baloratzean gertatzen den moduan, kontu honen erantzuna anbibalentea da: kasu gehienetan aldaketak eragin duen administrazio-lanaren libratzea eta banakako gizarte esku-hartzea indartzeko aukera zabalak positibotzat jo badira ere, pertsona askoren ustez, aukera hori ez da behar bezala aprobetxatu kasuaren kudeaketarekin eta banakako esku-hartzearekin zerikusia duten funtzioak eta prozedurak batera birdefinituz. Lurraldeko gizarte premien ezagutzaren inguruan sakontzeko eta, hala, aukera baliatu eta erkidegoaren esku-hartze eredu bat –legean mahaigaineratzen dena bezalakoa- aplikatzen hasteko ere ez da erabili.
“[Diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa Lanbidera transferitzeak] administrazio-lana kendu digu eta, hala, disponibilitate handiago daukagu laguntza-lanak egiteko eta gizarte esku-hartzerako, kasuak kudeatzeko, etab.”.
[Diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa Lanbidera transferitzeak] baliabideak liberatzea ekarri du eta orain zenbait udalek haien egitekoa berriro orientatu dute legeak ezarri moduan; beste udal batzuek, berriz, ez dute hori egin”.
“[Diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa Lanbidera transferitzeak] gure zerbitzuak arintzeko eta administrazio-lanak kentzeko bidea eman digu; hala ere, ez dugu aurrera egin esku-hartzerako eredu komun bat sortzen eta aldaketa hori baliatzeko hausnarketarako espazioak ez ditugu sortu”.
“Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errenta gain hartu ostean, ez da udalen baterako birposizionamendurik jazo. Bakoitzak haren ustez egin behar zuena egin du, egin behar zenaren birplanteamendu komunik ez da egon, behin oinarrizko gizarte zerbitzuak diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketaz arduratzeko egitekoa kenduta. Eta, horren ondorioz, udalerrien zerbitzuen artean desberdintasunak handitu dira eta lurralde arteko eta udalerri arteko desberdintasun oso handiak, oraindik nabariagoak, daude. Udalerri bakoitza mundu bat da eta orain lehen baino gehiago eta egoera horrek herritarrak asko nahasten ditu”.
Pertsona batzuek esan dute diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa Lanbidera transferitzeak zerbitzuen eskariaren ugaritze nabarmenarekin bat egin zuela -bai krisiagatik, bai Autonomia Pertsonala Sustatzeari eta Mendetasun egoeran dauden Pertsonak Zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen pixkanakako aplikazioagatik (aurreratzean Mendetasunari buruzko Legea)-. Beraz, eskariaren ugaritzeak berehala xurgatu zuen lehen eragin positiboa.
“Sekulako lasaitasuna izan da guretzat. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa oinarrizko unitateetan mantendu izan balitz, ez ginateke gai izango eskariaren handitzeari erantzuna emateko. Baina eragin hori berehala neutralizatu zen: lehen urtean zoragarria zirudien baina hurrengo urteetako eskaria handitzearen ondotik (2013an eta 2014an) aurreko egoerara itzuli ginen eta esku hartzean gure kalitate teknikoa jaitsi behar dugu berriro. Loriak nahiko gutxi iraun du, gure kasuan behintzat”.
“Aldaketak lana arinduko zigula zirudien baina azkenean ez da hala izan, arreta-eskariak krisiaren ondorioz handitzen jarraitu du. Hala, zenbait udaletan egoera langileak murrizteko baliatu zen, eredua finkatu ahal izateko eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketak zekarren zamaren ondotik jorratu ezin izan genituen kontuei erantzuna eman ahal izateko zain geundenean”.
“[Diru-sarrerak bermatzeko errenta Lanbidera transferitzeak] izugarrizko arindua ekarri zigun; administrazio-lanak kentzeko bidea eman zigun eta lan-karga nabarmen murriztu zuen. Baina arindu hori berehala desagertu zen eskaria handitu ahala eta “orain hasierako puntuan gaude”.
Aldaketak udaleko gizarte zerbitzuen lan-kargan eduki ahal izan duen eragin positibo edo negatiboa alde batera utzita, herritarrei emandako zerbitzuaren kalitateari dagokionez, pertsona batzuen ustez, prestazio honen jasotzaileen gainean izan duen eragina negatiboa izan da, haien iritziz, Lanbide biztanleriaren sektore ahulenekin eta lan-merkatutik urrunen dauden horiekin lan egiteko izaten ari den zailtasunak ikusirik.
“[Diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa Lanbidera transferitzeak] oso eragin positiboa izan du, egiten ari ginena berrikusteko eta gure antolamendua eta zerbitzu-zorroa eguneratzeko aukera eman baitigu. Baina zalantza asko ditut, ez dakit aldaketak horrek herritarrengan eragin onuragarri hori izan duen. Lanbiden jazotzen dena jazotzen denez, arreta-eskaera, beste modu batean, udaleko gizarte zerbitzuetara etortzen da bueltan. Baina orain gizarteratzeko ibilbideetan funtsezko agenteak garela onartu gabe eta udalerri txikietan erabiltzaileak arta diezaieten etengabean beste udalerri batzuetara joan behar izateko larrigarriarekin. Laburbilduz, gizarte zerbitzuetan izan duen eragina positibotzat jo daiteke baina erabiltzaileek ez dute oinarrizko eskubide bat baliatzeko nahitaezko eskuragarritasuna”.
“Premia horiek irizpide eta mekanismo komunekin artatzen dituen organismo komun bat izatea irabazi dute herritarrek. Beste kontu bat da Lanbidek gizarte gaitasun jakinak ez dituzten pertsonekin lan egiteko zailtasunak dituela onartzea eta askotan guk amaitzen dugu pertsona horiei arreta ematen”.
“Diru-sarrerak bermatzeko errenta Lanbidera transferitu zen aldian Eusko Jaurlaritzarekin bilerak bideratu ziren, Lanbiden gizarte langilearen figura gehi zezaten eta figura horrek terminoak erabiltzean, kasuistika, etab. ulertzean bi administrazioen zubi gisa jardun zezan. Alegia, bi sistemen arteko komunikaziorako zubi bat eraikitzea, sistematik erortzen diren gizarte gaitasun gutxiago dituzten pertsonak berreskuratzeko bide batzuk egon daitezen. Bestela, sisteman paradoxa bat jazotzen da, egoera ahulagoan dauden familiei eta pertsonei laguntzeko sistema bat diseinatzen baita eta azkenean sistematik erortzen diren pertsonak gizarte gaitasun gutxiago dituztenak baitira”.
Horrez gain, nabarmendu da diru-sarrerak bermatzeko errenta Lanbidera transferitzeak neurri batean pertsona eta familia jasotzaileekin lan egiteko tresna garrantzitsu bat galtzea ekarri duela. Izan ere, gizarteratzeko ibilbideak –prestazioa jasotzeko beharrezko baldintza gisa ezartzen direnak- pertsona horietako batzuekin oinarrizko gizarte zerbitzuetatik lan egiteko tresna erabilgarriak ziren. Horiek ez dute laguntza ekonomikoa bakarrik behar, gizarte motako arazoak ere izan badituzte. Oinarrizko gizarte zerbitzuen partaidetza diru-sarrerak bermatzeko errentaren sisteman jasota badago ere, gizarte problematikei lotutako gizarteratzeko hitzarmenen xedeei jarraipena emateko, praktikan sistema berriak erraztu du zenbait pertsonek ez dutela zertan oinarrizko gizarte zerbitzuetara joan diru-sarrerak bermatzeko errenta kobratzeko. Hala, pertsonen eta familien gizarte premiak antzemateko aukera galtzen da, Lanbideko langileek oro har ez dutelako premia horiek antzeman eta jorratzeko berariazko prestakuntzarik. Ez dirudi Lanbideren eta oinarrizko gizarte zerbitzuen lankidetza-protokoloak desiratutako ondorioa eragin duenik.
Labur esanda, pertsona batzuen ustez, diru-sarrerak bermatzeko errenta kudeatzeko egungo sistema zorrotzegia da, baliabide ekonomikoak ez izateaz gain, gehitutako gizarte problematika duten jasotzaileen kasuistikari behar bezala erantzuteko. Egoera horrek, askotan, prestazioaren jasotzean eteteak eragiten ditu eta pertsona horiek prestazioa eskuratzetik baztertzen ditu zuzenean. Ondorioz, erantzun gabe geratu den eskaria, azkenean, oinarrizko gizarte zerbitzuetara bideratzen da. Zerbitzu horiek, alde batetik, pertsonari erakunde-ibilbidean lagundu behar diote prestazioa lor edo berreskura dezan eta, bestetik, pertsonaren edo familiaren egoeraren ziozko gizarte larrialdi egoerari erantzuna emateko.
“Gizarte bazterkeria egoeran dauden pertsonak ez dira oinarrizko gizarte zerbitzuetatik desagertu, bertan jarraitzen dute. Orain Lanbidek xedatzen dituen etete guztiez arduratu behar dugu, Lanbideko langileekin koordinazio zuzenean aritzeko tresnak ez ditugula kontuan hartuta. Egoera horri gizarteratzeko hitzarmenek prestakuntza-lan alderdiak hertsiki aintzat hartzen dituela gehitzen badiozu, oinarrizko gizarte zerbitzuetako profesionalei beste kontu batzuen inguruan lan egiteko tresna erabilgarri bat kendu dietela antzeman daiteke eta herritarrei lehen oinarrizko gizarte zerbitzuetan jasotzen zuten arreta kendu diegu”.
“Lankidetzarako protokoloei buruz hitz egiten da baina, hasieratik, Lanbidek udaleko gizarte zerbitzuak une oro at utzita diseinatzen duen kudeaketa-sistema horrek diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketarekin dauka zerikusia. (Gizarte problematiken) koordinazioaren, orientazioaren atalean gehitzen gaituzte. Baina guk gutxi egin dezakegu orientazioaren atalean -oso garrantzitsutzat jotzen dugu- pertsona edo familia baten zailtasunekin lan egiteko, oinarrizkoena bermatuta ez badago. Eta hori oinarri ekonomikoa da, elikadurarekin, arroparekin, etab. dauka zerikusia”.
Halaber, zenbait pertsonek nabarmendu dute, aurretik esan den moduan, Lanbideren kudeaketaren aldaketak aldaketa kualitatibo garrantzia ekarri duela oinarrizko gizarte zerbitzuen funtzioei eta profesionalei dagokienez eta, batzuetan, aldaketa horrek profesionalak ere nahasi dituela, erabiltzaileekin esku hartzeko prozesuak optimizatze aldera egoera berria aprobetxatzeko aukera emango zuten lanerako egiturak eta prozesuak sortu gabe. Ildo horretan, pertsona batzuek esan dute gizarte zerbitzuetako langileak impasse egoera honetara nolabait egokitu egin direla. Joera, hori, gainera, areagotu egin da, Zorroari buruzko Dekretua eta Gizarte Zerbitzuen Mapa onartzeko jazotako atzerapenaren ondorioz.
“Diru-sarrerak bermatzeko errentaren ondotik profesional askok haien konfort-egoeratik atera behar izan dute eta hori ez da erraza izan profesional askorentzat. Horregatik, gure egitekoaren inguruan pentsatu eta hausnartu behar dugu eta birplanteamendu hori gobernu-talde bakoitzeko zinegotzi bakoitzak sustatu nahi izan duenaren zoriaren mende geratu da. Guk azken lau urteetan ez dugu ezer egin eta badirudi, orain, azken hiru hilabeteetan, mundua konpondu nahi dugula”.
“Profesional batzuk guztiz nahasi ditu egoera honek [diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa Lanbidera transferitzeak]. Alegia, 20 urte agiriak/izapideak egiten zeramatzaten pertsonak eta hauxe esan zaie: “Orain ez dituzu izapide gehiago egin behar. Orain pentsatu egin behar duzu, kalera atera behar duzu”. Eta, jakina, pertsona horiek oso nahasita geratu dira eta ez diegu lagundu eta ez dute laguntzarik jaso nahi izan”.
Nolanahi ere, kontsultatutako pertsona batzuen ustez –diru-sarrerak bermatzeko errenta Lanbidera transferitzeak eduki ahal izan duen eragin zehatza baino harago-, egindako aldaketak panorama argitzeko eta udalek lehen mailako arretaren gizarte zerbitzuak kudeatzeari eta eskaintzeari dagokienez duten egitekoa berriro definitzeko ahalmena izan du. Ikuspegi honetatik, -neurri batean- diru-sarrerak bermatzeko prestazioen administrazio-kudeaketak azaltzen zuen zama desegokia desagertuta, udalek arreta gizarte zerbitzuen berariazko esparruan dituzten arduretan jartzeko gai izan beharko lukete.
“Nire ustez, diru-sarrerak bermatzeko errenta transferitzeak udaleko gizarte zerbitzuen egoeraren iragana eta oraina markatzen ditu. Ordura arte udalek ezin zuten zegokien lana egin eta orain suposatzen da egin dezaketela. Ordura arte pentsa zitekeen hainbat funtzioren garapen eskasa azaltzeko arrazoi garrantzitsuren bat egon bazegoela baina egoera hori aldatu egin da. Hauxe da gertatzen dena: gizarte lanaren egitea gain hartzeko prozesua aurreikusitako denbora baino motelagoa izaten ari da eta disfuntzio garrantzitsuak jazotzen ari dira. Jazo behar zuen kultura-aldaketa ez da jazo”.